Argitxoren irudia

Kaixo Argitxozaleok:

Gure herriaren historian zehar jakitun asko, anitz saiatu da Euskara baserrietako sukaldeetatik ateratzen eta eguneroko bizitzaren esparru ezberdinetan indartzen. Euskara jalgi hadi kanpora zioen Bernat Etxeparek eta horixe da, hain zuzen ere, egitasmo berri honen helburuetako bat: Euskararen presentzia indartu esparru berri honetan, interneten.

Zoritxarrez, gure hizkuntzaren egoera ez da guk nahiko genuke bezain osasuntsua, munduko hizkuntza zaharrenetarikoaren alde eginiko ahalegin guztiak hutsaren parean utzi nahi baitituzte.

Guk, Jakintza Ikastolako partaide garen guztiok har dezagun konpromisoa, Aitorren hizkuntza zaharra, beste hizkuntza guztiak errespetatuz, ezagutzera emango dugula esanez eta eginez, antzinakoak harro senti daitezen. Eurengandik jasotako altxorra ez dezagun gal.

Zeregin horretan ni, Argitxo, beti alboan izango nauzue. Euskararen alde egindako ahalegin txikienarekin ere pozaren pozez aurkituko nauzue. Ea guztion artean Euskararen zuhaitz bakartia baso eder bat bihurtzen dugun.

Bukatzeko, abesti polit bat jarriko dizuet Euskararekin eta Euskaraz goza dezazuen.

Haurrak ikas zazue,
Eskuaraz mintzatzen,
ongi pilotan eta,
oneski dantzatzen.
(bis)
Aide ttun ttiki ttun
aide ttun aide….
Gure kantu zaharrak,
kontserba ditzagun,
aide politagorik,
ez da sortu nehun,
(bis)
Aide ttun ttiki ttun
aide ttun aide…..